XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

E) GINGILAK ETA SEGMENTUAK Arteka edo fisura izeneko sartune pleural batzuek gingiletan banatzen dituzte birikak.

Eskuineko birikan, hiru gingil edo lobulu (goikoa, erdikoa eta behekoa) eta bi fisura nabaritzen dira (Fisura Lapran Nagusia edo Fisura Nagusia eta Fisura Txikia edo Horizontala).

Fisura handiak, beheko gingila goikotik eta erdikotik banantzen duen bitartean, fisura txikiak, goiko gingila erdikotik banantzen du.

Ezkerreko birikan, fisura batez (ezkerreko fisura lapranaz) bananduriko lobulu besterik ez daude, ezker-goiko eta ezker-beheko lobuluak alegia.

Erradiografietan, beren planoa X izpiekin paraleloa denean bakarrik agertzen dira fisurak.

Beraz, atzetik aurrerako erradiografietan eskuineko fisura txikia soilik ikus daiteke eta berau ez bere traiektu osoan beti.

Fisura txikia, eskuin-birikaren erdiko eremua zeharkatzen duen marra horizontal bat bezala agertzen da.

Fisura handia, alboko erradiografietan ikus daiteke bakarrik, bere planoa jarrera horretan soilik delako X izpien direkzioarekin paraleloa.

Lobulu edo gingil bakoitzaren mugak zeintzuk diren jakiteko beharrezkoa da fisurak identifikatzea.

Patologia bat lobarra denean fisurez mugatua azalduko da.

Gingilak segmentutan banatzen dira, baina hauek ez dute fisura banatzailerik izaten, hau da, beren arteko banaketa trenkada konektibo mehe batzuren bidez egiten da.

Segmentuak bronkio segmentarioen bidez aireztatzen dira; bronkio hauek gingilak aireztatzen dituzten bronkio lobarren adarrak dira.

Segmentuak biriken egiturazko eta sarritan patologiazko unitateak izaten dira, zeren zenbait prozesu patologikok jarrera segmentarioa izaten bait du.

Eskuin-goiko gingilak hiru segmentu ditu: apikala edo puntakoa, bentrala edo aurrekoa eta dortsala edo atzekoa.

Erdiko gingilak, aldiz, bi: kanpokoa (edo albokoa) eta barnekoa (edo erdikoa).

Eta beheko gingilak bost: apikala, aurreko basala (edo aurreko oinaldekoa), kanpoko basala, atzeko basala eta parakardiakoa (edo barneko basala) deituak.

Ezker-goiko gingila eskuinekoa baino askoz handiagoa da, zeren hemen, erdiko gingila litzatekeen zatia (Lingula izenarekin ezagutua), goiko gingilaren parte bat bait da.

Ezker-goiko gingilak segmentu hauek ditu: segmentu apiko-dortsala, hau da, segmentu apikalaren eta dortsalaren baturaz osaturikoa, segmentu bentrala edo aurrekoa eta lingulako segmentuak (goikoa eta behekoa).

Ezker-beheko gingilaren zatiketa segmentarioa eskuinekoaren antzekoa da.

Erradiografiak interpretatzerakoan, zauri lokalizatuen diagnostiko topografikoa egitea, hau da, patologiok kokatzen direneko segmentua zein den zehaztea oso garrantzitsua da.

Honetarako bi proiekzio erradiografiko behar dira, atzetik aurrerakoa eta albokoa alegia, beraien gain birika-segmentuen jarrera mentalki proiekta dezagun.

VI. TORAX PATOLOGIKOA Arnas ikuspegi batetik, torax patologiko baten azterketa erradiologikoan, egitura hauek aurki daitezke erasanak: birikak, bronkioak, pleurak, odol-basoak, diafragmak, eskeletoa, mediastinoa eta baita bihotza bera ere.

Pleurako patologiek beren semiologia erradiologiko propioa duten bitartean, bronkio eta odol-basoetako patologiak biriketan sortzen dituzten ondorioei esker agertzen zaizkigu.

Biriken erradiologia orokorrean bereizten eta interpretatzen ikasi behar ditugun elementuak hauexek dira: oinarrizko lesioak, eredu erradiologikoak eta lesioen kokapenerako zeinuak (zilueta-zeinua eta aire-bronkograma).

A) OINARRIZKO LESIOAK Oinarrizko lesio erradiografikoak bi motatakoak dira: Kondentsazioak edo opakoguneak, hau da, aireztapen-defizita dutenak.

Pneumatizazioak edo argitasunak, hau da, aire-edukin handiagoa dutenak.